«Zarensare-Enredando» nazioarteko sarea da, gizartearen eraldaketa bultzatzeko funtsezko helburua duena. Horretarako, kontzientzia-aldaketa eta jardunbide eraldatzaileak erabiltzen ditu gizarte-justiziaz eta -berdintasunez osatutako ikuspegi feministatik. Jardunbide horien bidez, ekoizpen, banaketa eta kontsumo arduratsuak, kontzienteak eta eraldatzaileak sustatu nahi ditu toki-mailan zein nazioartean, nagusi diren eredu ekonomikoa (kapitalismoa), eredu politikoa (demokrazia liberala) eta eredu soziokulturala (indibidualismoa eta heteropatriarkatua) kolokan jartzeko, eta, horrela, harreman berdinagoak eta errespetagarriagoak sortzeko talde sozialen, kulturen eta herrien nahiz emakumeen eta gizonen eta beste nolakotasuneko pertsonen artean, bai eta horien guztien eta naturaren artean ere.
Lehenengo topaketak 2012an egin ziren, eta ordutik sareak gutxika-gutxika eratu ditu haren ideologia, helburu politikoak eta jardunbidea, modu malguan, parte-hartzailean eta etengabe eraikiz.
2014an sendotzen hasi zen sarea, «Izansare» topagunean, hurrengo urteetarako adierazpen politikoarekin eta ekintza-proposamenekin:
- Ekoizpen, banaketa eta kontsumo kontziente eta arduratsuen kontzeptua eta jardunbideak hedatzera ematea.
- Bestelako harremanak sustatzea pertsonen (emakumeak, gizonak eta nortasun transgeneroak), kolektiboen, talde sozialen eta herrien artean, bai eta gizakien eta naturaren artean ere.
- Kultura nagusiaren kontzeptua berriz planteatzea eta sustatu nahi ditugun balioak, ereduak eta bizi-estiloa zehaztea.
- Sarearen barruan elkarrizketarako eta gogoetarako espazioak suspertzea.
- Eragin politikoa eta soziala izatea toki-mailan zein modu asoziatiboan.
- Hedatzea eta ugaltzea.
Eta, hala, ordutik gaur egunera, ikerkuntzarako, salaketarako, sentsibilizaziorako eta eragin politikorako ekintza mota ugari egin ditu sareak nazioarteko mailan eta bakoitza bere testuinguruaren barruan.
2014az geroztik, Euskadin, Medellinen, Txiapasen eta Ermuan egin dira urteko bilerak. Horiek baliagarriak izan dira sarerako, hain zuzen ere, haren filosofia eta helburu politikoak oinarri hartuta, urteko ekintza-planak trukatzeko, ebaluatzeko eta garatzeko.